Bihar, osteguna, hasiko da tailerrez, erakusketez eta artistez beteriko edizioa

Bilbao Exhibition Centrek dena du prest urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra Tendencias Creativas eskulanen eta sormenaren festa handia hartzeko. Bihartik aurrera, barrutiko 2. pabiloiak 100 erakusketari, sektore eta esperientzia maila guztiei zuzendutako 500 tailer baino gehiago, erakustaldiak, kalitatezko materialak eta jarduera ugari eskainiko ditu. Milaka profesional, artista amateur, saltoki, enpresa banatzaile eta dekorazio-arteen zale elkartuko dira, berriz ere, 2007tik antolatzen den estatuko azokarik beteranoenean.

Azokaren inaugurazio ofiziala bihar izango da, 12:00etan, eta Jose Ignacio Zudaire Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea izango du buru.

Sormenaren topagune izango da, beraz, BEC hitzorduak iraungo dituen lau egunetan zehar. Modan dauden diziplinak, zeramika modernoa edo artile lanak kasu, eta sektore ezagunek (scrapbooking-a, gurutze puntua, gozogintza, akuarela, patchwork-a, xaboia eta kandelak, papiroflexia, bisuteria…) beteko dute pabiloia. Era berean, goi mailako materialak ezagutu eta erosi ahal izango dituzte bertaratzen direnak: buztina, erretxina, kotoia, papera, plastiko magikoa, foam-a, zura edo portzelana, besteak beste.

 

Dendak, tailerrak eta erakusketak

Izen handiko erakusketarien presentzia bermatuta dago aurtengo edizioan ere Don Trapillo y Don Ovillo, Dayka Trade, Cositas Monas, Centímetros o Pulgadas, Art Mon edota Pedacets bezalako parte hartzaileekin. Eta horiekin batera, Katalunia, Kantabria, Valentziako Erkidegoa, Gaztela eta Leon, Andaluzia, Galizia, Asturias, Nafarroa, EAE eta beste zenbait erkidegoko dendek hartuko dute parte, bai eta Frantzia, Italia, Alemania eta Indiako profesionalek ere.

Ikastaroak eta erakustaldiak eskainiko dira zenbait gaien inguruan: elikadura eta sukaldaritza (gozokiak, galletak…), eskulanak (trenkadiak, marrazketa eta pintura, eskultura eta zeramika, mosaikoak, kutxak…), bisuteria eta moda (belarritakoak, besokoak, eskumuturrekoak, zapatilen dekorazioa…), landareak eta loreak (kokedama, terrarioak, goroldioa, soldatutako kristala…) eta ehun-arteak (patchwork-a, gurutze-puntua, bordatua, brotxak, mertzeria, patroiak…). Eta haurrek ere izango dute beraiei zuzendutako tailer eskaintza: eguzkiloreak, oihalak, koloreak, kandelak, liburutegiak, koadroak…

Horrez gain, erakusketen gunean zeramika modernoa (Basati, Konect Arts eta Memaiame), aerografia (Idoia Urrutxurtu), dimentsio anitzeko koadroak (Mercedes Henry), patchwork-a (Estibaliz Berrio eta Filohmena), kapelak eta burukoak (Almudena Aguirre), needle felting-a (Oliva Inoriza), oribook art-a (Lorena Montero) eta paperezko soinekoak (Soineko Elkartea) ikusi ahal izango dira.

Azokak iraun bitartean, mota guztietako jakiak eta edariak eskainiko dituzte bi food truck-ek: beganoak, glutenik bakoak, klasikoak, gozoak, gaziak… Pabiloian bertan egongo dira bi kamioiak, eta irekita egongo dira azoka zabalik egon bitartean. Honekin batera, BeUp-BECek 3 urtetik gorako haurrentzako ludoteka bat prestatu du. Haurrek primeran pasatuko dute aurpegiak margozten, eskulanak egiten edota zumba-txiki dantzatzen, eta gurasoek lasai asko bisitatu ahal izango dute azoka.

Arestian, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak, Merkataritzako Estatu Idazkaritzaren bitartez, Nazioartekotasun Osoaren aintzatespen ofiziala eman dio Tendencias Creativasi. Azokaren nazioarteko proiekzioa azpimarratzen du horrek, eta BECek bere jardueraren nazioartekotzearekin duen konpromisoa berresten egin du ere.

Bilbao Exhibition Centre eta Agence Initiales dira Tendencias Creativasen antolatzaileak, eta El Correo, Puerta de Bilbao eta BeUp-BECen laguntza du.

 

Informazio praktikoa

 Tendencias Creativasen ordutegia honako hau izango da: osteguna, ostirala eta larunbata: 10:30etik 19:30era, eta igandea: 10:30etik 18:00etara. Ludotekaren ordutegia hurrengoa izango da: ostirala, 15:15etik 19:30era; larunbata, 10:45etik 14:00etara eta 15:15etik 19:30era; eta igandea, 10:45etik 14:00etara eta 15:15etik 18:00etara. Sarrerak webgunean eros daitezke: