Sormenak berriro izango du bere lekua Bilbao Exhibition Centren, 2027ko urtarrilaren 28tik 31ra. Tendencias Creativas azokak profesionalak, artistak, saltokiak eta eskulanen zaleak bilduko ditu 2. pabiloian, lau egunez. Azoka honetan, materialak, teknikak eta ideiak izango dira protagonista.
19. edizio honetan, azokak hainbat teknika eta sormen-proiektu garatzeko proposamenak eta materialak bilduko ditu, hala nola patchworka, scrapbookinga, gurutze-puntua, bitxigintza, zeramika, pintura eta dekorazioa. Diziplina horietako asko azokaren irudi grafiko berrian jasota daude. Art Déco estiloan eta estetika vintagean inspiratuta dago, kolore biziekin eta eskulanen munduarekin lotutako ilustrazioekin.
Azokako ateak irekitzeko bi hilabete falta direnean, 70 enpresa baino gehiagok baieztatu dute dagoeneko parte hartuko dutela, eta 100 enpresa erakusketari inguru biltzea aurrez ikusten da. Azokako guneetan, materialak, tresnak eta sorkuntzak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, baita norberaren proiektuak garatzeko aukera berriak aurkitzekoa ere. 2027ko edizioak nazioarteko ordezkaritza handiagoa izango du gainera, Frantziatik, Italiatik eta Portugaletik etorritako enpresekin.
Tailerren eskaintza zabalak aukera bikaina emango du hainbat teknika ikasteko eta praktikan jartzeko; hori ere esperientziaren funtsezko elementua izango da. Aurreko edizioan 400 tailer baino gehiago egin ziren. Aurten ere, enpresa erakusketariek beren standetan antolatutako tailerrak eta gune komunetan egingo diren jarduerak uztartuko dira. Azken gune horretan, dagoeneko itxita daude hainbat espazio esklusibo: koadernaketa, larrugintza, scrapa eta pintura sortzailea, xaboiak eta kandelak egitea, mix media, baita zeramikari eskainitako bi tailer ere.
Programazioak proposamen berezia ere izango du txikienentzat, haurrentzat prestatutako hainbat tailerren bidez. Horiez gain, ludoteka ere izango da, antolatutako ekintzekin eskulanez gozatzeko eta sormena askatzeko aukera izan dezaten.
Azokak atseden hartzeko gune zabala ere izango du, bisita erosoagoa izan dadin. Informazio guztia tendenciascreativas.bilbaoexhibitioncentre.com webgunean kontsulta daiteke.
Tendencias Creativas azokaren laguntzaileak Hotel Puerta de Bilbao, El Correo eta beUp dira, eta Agence Initialesek eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute.




Iruzkin bat utzi