Edizio arrakastatsua zarratu zuen atzo, beste behin, Tendencias Creativas eskulanen eta sormenaren azokak, 16.070 pertsona bertaratuta; aurreko urtean baino gehiago. 17 ekitaldiren ondoren, sektoreak Estatuan duen topaketa garrantzitsuenak argi utzi du dekorazio-arteek oso une ona bizi dutela. Urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra arte, Bilbao Exhibition Centre-ko 2. pabiloiak 500 tailer baino gehiago, 9 erakusketa, ehunka tailer eta milaka sortzaile profesional eta amateur bildu zituen. Bilboko Merkataritza Ganberaren presidente Jose Ignacio Zudaire izan zuen buru lehen egunean egin zen inaugurazio ofizialak.
Erakusketa-gunean parte hartu duten ia 100 enpresak pozik agertu dira aurtengo azokarekin, bai bisitari kopuruagatik bai eta salmentengatik ere. Zeramika modernoa, artile-lanak, patchwork-a, akuarela, landare eta loreekin egindako dekorazio lanak, mixed media, scrapbooking-a, pintura apaingarria, gozogintza, xaboigintza, kandelagintza, papiroflexia, bisuteria… Hamar gehi bat arlo desberdinetako produktu eta teknikak aurkeztu dituzte enpresa parte hartzaileek.
Don Trapillo y Don Ovillo, Dayka Trade, Cositas Monas, Centímetros o Pulgadas, Art Mon eta Pedacets bezalako enpresa garrantzitsuek bete zuten pabiloia kalitate handiko eta jatorri anitzetako materialekin: buztina, erretxina, kotoia, papera, oihala, foam-a, egurra, portzelana, eta abar luzea.
Publikoa azoka aspaldi ezagutzen zuten lagunek eta bisitari berriek osatu dute, zenbait probintzietatik helduak. Nagusiki, Bizkaia, Kantabria, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Burgos, Errioxa, Asturias, Palentzia, Segovia eta Leoneko jendea etorri da. Gustu eta adin guztietako pertsonek askotariko tailerrekin gozatu ahal izan dute, gainera. Horrela, helduek patchwork, akuarela edo bisuteria teknikak ikasi dituzte aurten, besteak beste, eta txikiek giltzatakoak, mosaikoak eta libretak sortzeko aukera eduki dute.
Erakusketa eremuan hurrengo artisten lanak aurkeztu ziren: Basati, Konect Arts eta Memaiame (zeramika modernoa), Idoia Urrutxurtu (aerografia), Mercedes Henry (dimentsio anitzeko koadroak), Estibaliz Berrio (patchwork), Almudena Aguirre (kapelak eta burukoak), Oliva Inoriza (needle felting), Lorena Montero (oribook art) eta Soineko Elkartearen (paperezko soinekoak).
Kalitatezko produktuak erosteko, ikastaro eta tailerretan parte hartzeko eta artezaleekin harremanak egiteko oso toki aproposa izaten jarraitzen du Tendencias Creativas azokak.
Iruzkin bat utzi