Eskulanen milaka zaleren elkargunea bilakatu da Tendencias Creativas azoka

Tendencias Creativas eskulanen areto handiak 15.278 pertsona bildu zituen otsailaren 1etik otsailaren 4ra, ostegunetik igandera, Bilbao Exhibition Centren. Hala, espezialitate horretako azoken erreferente nazionala izan da aurten ere. Amaia del Campo Barakaldoko alkatea izan zen inaugurazio ofizialean.

Publiko guztiei zuzenduta dago azoka, eta aukera paregabea izan da artikuluen eskaintza zabala erosi ahal izateko eta ehunekin, eskulanekin, dekorazioarekin, gozogintzarekin eta bitxien diseinuarekin lotutako askotariko proposamenetan parte hartzeko. Tendencias Creativas azokara joatea bisita klasikoa da bizkaitarrentzat eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta alboko erkidegoetako pertsonentzat. Bisitari gehienak Bizkaia, Kantabria, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa, Burgos, Errioxa, Asturias, Valladolid, Palentzia edo A Coruñakoak izan dira.

Erakusketa eremuan 100 enpresa erakusketarik baino gehiagok parte hartu dute, eta bisitariei aukera eman diete scrapbookaren, imitaziozko bitxigintzaren, landareen, papergintzaren, gurutze-puntuaren, patchworkaren eta ehoziri-lanen unibertsoan murgiltzeko. Hala, sektorean lider diren enpresek (Art en Fil, Artmon, Centímetros, Pulgadas, Dayka Trade, Detalles Orballo, Don Trapillo & Don Ovillo, Lovemonart eta beste asko), azken sorkuntzak eta materialak erakusteaz gain, haien diseinu bikainen atzean dauden teknikak ere partekatu dituzte.

Bestetik, bertaratu direnek prestakuntza-eskaintza zabalaz eta askotarikoaz gozatzeko aukera izan dute. Izan ere, 300 tailer, erakustaldi eta jarduera baino gehiago izan dituzte eskura. Horien artean, honako jarduerak nabarmendu dira: sormenezko gozogintza, dekorazioa egurrarekin, zetazko zintarekin bordatzea, turbanteen gaineko tutoriala, akuarela, letteringeko hastapenak, kandela-euskarria, eta beste asko. Gainera, etxeko txikienek ere gozatu dute eskulanen aretoaz, eta hainbat tailerretan parte hartu ahal izan dute: figurak jumping clayrekin, izenaren iniziala margotzea, papel zulatuaren gainean beira-aleekin bordatzea edota galleten dekorazioa, beste batzuen artean.

Tailerrez gain, erakusketa eremuan askotariko erakustaldiak izan dira, eta horiek interes handia piztu dute ekitaldira bertaratu direnen artean. Adibidez: Luis de Pedroren Las máquinas de coser de Balenciaga; Jejoma Merceríaren Obras textiles de la Escuela de Patchwork; Soineko elkartearen eskutik, Gueñeseko paperezko soinekoen nazioarteko lehiaketaren irabazleak; Ncz. Tenangosen Tenango (Mexikoko brodatuak); Art Monen Cuadros de pintura en acuarela; Gomyrugen Tufting; edo Estibaliz Berrioren Quilts-El Club de Patch.

-ek idatzirik|2024-02-08T11:20:32+01:008 de otsaila de 2024|Albisteak|

Iruzkin bat utzi

Go to Top